TRATAMENDU GUNEA
15628
page-template-default,page,page-id-15628,bridge-core-3.2.0,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-30.6.1,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-7.7.2,vc_responsive

TRATAMENDU GUNEA

MEA ERAGINKOR ETA ABERATSAGOA LORTZEKO

Compañía Minera de Mutiloa S.A. enpresak, 1899. eta 1905. urteen artean, ateratako mea biltegiratu, garbitu eta bidaltzeko meatze instalazioak eraiki zituen. Berrikuntza teknologikoa iritsi zen, horrela, meatzaritza tradizionalera. Txirteretatik zetorren mea garbitu egiten zen, San Francisco de Paula meategitik zetorren ura erabiliz, lurrunezko motoreei lotuta zeuden lurra kentzeko tromel edo bahe birakari batzuetan. Mendian behera eraikitako bost dekantazio baltsek urak Troi erreka kutsatzea galarazten zuten. Mañastegizaharreko azpiko aldean abiatzen zen plano inklinatuaren bitartez, mea Mutiloa-Ormaiztegi meatze trenbidera iristen zen.

1912an 34.500 tona burdin mea biltegiratu eta garbitu ziren. Garai hartan 162 meatzari zebiltzan lanean, gehienak Mutiloakoak, baina baziren Zerain, Segura eta Oñatikoak ere. Haien ordutegia goizeko seietan hasi eta arratsaldeko seietan amaitzen zen, eta egunean 3,65 pezetakoa zen batez besteko jornala.

Puntu interesgarriak

4- BARNAOLA: BASERRIA, BILTEGI GUNEA ETA PLANO INKLINATUA

Ergoeneko paisaian ikurra da Barnaola baserria, XVI. mendean eraikia eta beharbada burdinola izandakoa. Inguruko meatze jardueraren gune nagusi bihurtu zen, bertara biltzen baitzen Zeraingo Aizpeako eta Mutiloako meatze esparruetako mea. Horregatik altxatu ziren leku honetan gaur egun landaredi oparoak erdi ezkutatuta dituen biltegiak. Gaur egun atsegina eta lasaia den leku hau guztiz bestelakoa zen garai batean. Etenik gabeko lanak erabat eraldatu zuen, hainbeste non meatze konpainiak Barnaola baserria bulego eta ostatu bihurtu baitzuen, eta baita mea ikuztegi ere. Inguruetan kantina eta eskola ere eraiki ziren, eta horrek hemen zer nolako jende pila bildu zen erakusten digu.

10- TROI ERROTAK

Ergoeneko magaletan diren errota hauek interes handiko instalazio hidraulikoa dira. Troiko errota, bi harrikoa, inguruetako zerealak ehotzeko erabiltzen zen eta XX. mendearen hasieran handitu zuten. Errotaren azpiko aldean beste bi egitura ikus daitezke, lehengo errotako uren irteerarekin lotuta daudenak. Badirudi instalazio hauek mea garbitzeko erabili zirela.

7- MAÑASTEGIZAHAR: BASERRIA ETA MEA IKUZTEKO LANTEGIA

Mañastegizahar baserriaren ondoan mea prestatu eta garbitzeko lantegi bat eraiki zen, eta horrek mendearen lehen herenean han burutu ziren meatze lanen ideia bat egiten laguntzen du. Batetik mearen isurbide erraldoia eta bere biltegia zeuden, eta honaino iristen zen txirtera eta galerietako mea. Ondoan mea garbitzeko instalazioa zegoen, eta oraindik ere han dago depositutik zetorren ura biltzeko eta mearekin nahasteko erabiltzen zen mearen azpil edo depositua. Nahasketa hori, hurrena, lurra kentzeko tromeletara pasatzen zen, mea garbitzeko. Azpilaren eta garbiketa gunearen arteko hormak ere han daude gaur egun oraindik, eta, horma horietan, mea garbitzeko makinak kokatuta zeuden finkaleku eta hutsuneak. Egitura horien ondoan forja dago, eta etxola osagarri baten zimenduak. Inguruetan, Mañastegizahar baserri historikoaren aldamenean, han ikusten diren hondakindegi handiek, egun landarediak hartuta egon arren, ederki adierazten dute zenbaterainokoak izan ziren han burutu ziren lanak. Mañastegizahar baserriak berak ere burdin mea zatiak ditu bere paretetan, XVI. mendean eraiki zenean haren horma sendoak altxatzeko material gisa erabili zirenak.

3- BARNAOLA: DIKEAK ETA DEKANTAZIO BALTSAK

Mañastegizaharretik Barnaolara bitarteko mendi magala oso eraldatuta dago. Mea garbitu eta gero geratzen ziren urak Troi errekara irits ez zitezen, XX. mendearen hasieran paisaiaren topografía eta profil originala itxuraldatu zituen dekantazio baltsen sistema konplexua eraiki behar izan zuten. Troi errekaren ibarreko magaletan ibar hori ixten zuten hamahiru baltsa egiteko proiektua ere egon zen. Instalazio horiek ibai arroko biztanleen etengabeko kexen ondorioz eraiki zituzten, mea garbitzeak sorturiko kutsadura aurrena Troi errekara eta geroago Oria ibaiko uretara iristen baitzen. Paraje hauetan baltsa horietako bost aurkitu dira, kontserbazio egoera desberdinean. Ibarrean behera joanda dauden azken biak sendotu egin dira, eta XIX. mende amaierako ingeniaritzaren adibide ditugu. Azkeneko dikea, 9 m-ko altuera duena, Troi errekaren ibarreko punturik baxuenean altxatu zuten, baina ez zen betetzera iritsi. Dike horren erdian, lohiak dekantatu ondoren urari ateratzen uzteko balio zuen hustubidea ikus daiteke, uraren ibilia erregulatzen zuen burdina eta zurezko egitura batez itxita. Horrela, bada, terraza erako gainazal bat sortuko zen, denborarekin belardi bihurtzen joango zena. *Barnaolako dikeetako batean, haren 7 m-ko altuera baliatuz, turbina bat ipini zen horrekin Ergoena auzoan erabiltzen zen argindarra sortzeko. Troi errekaren indarrak, 1988an, Barnaolan altxatu ziren dikeetako baten eskuineko aldea eraman zuen.