HISTORIA
15552
page-template-default,page,page-id-15552,bridge-core-3.2.0,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-30.6.1,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-7.7.2,vc_responsive

HISTORIA

MUTILOA BERE MEATZARITZA IRAGANA BERRESKURATZEN

Mutiloako meatze paisaiak eta han diren aztarnak ikergai bilakatu ziren, jada, 90eko hamarkadan. XXI. mendearen hasieran, Mutiloako herriak bere meatze ondarea ezagutarazi eta zabaltzeko lanari ekin zion. Une horretan Ergoena, Peatza eta Gezurmuñoko meatze guneak arreta erakarri zuen berriro. Horrela, 2005ean, eta Ormaiztegirekin batera, Mutiloak bere meatze baliabideak sustatu eta bere lurraldearen zati handi bati balioa ematea erabaki zuen, haren aniztasuna nabarmenduz eta proiektu berriei bidea zabalduz.

 

Handik berehala, 2007an, Mutiloa-Ormaiztegi antzinako meatze trenbidearen birgaitze lanak amaitu eta ia 5 km-ko luzera duen bide berde bihurtu zen. Gerora, bide berde hori Troi bidearekin lotu da Mutiloan eta Lointzi bidearekin Ormaiztegin; 7 km-ko zirkuitua sortu da horrela, meatze esparruko instalakuntzak bisitatzea ahalbidetzen duena edertasun handiko natur ingurune batean.

 

Instalakuntza horiek, behin birgaitu ondoren, meatze esparruko paisaia eta meatzaritzari loturiko haren historia ulertzen eta ezagutzen laguntzen dute. Mutiloako meatze esparrua ikusgai dago berriro, oraingo honetan mutiloarrek eta bisitariek goza dezaten.

TICCIHren (Industri Ondarearen Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordearen) iritzirako, Mutiloako meatze esparrua Euskadiko 10 industri ondare multzo hoberenetako bat da.

MEATZARITZA HISTORIAN BARRENA

Antzinarotik datorren meatze jarduera baten aurrean gaudela pentsarazi dute zenbait toponimok: Troya, Romanos, etab. Hala ere, Erdi Arokoak eta Aro Modernokoak dira Mutiloako burdina —Peatza, Ollargain, Gezurmuño edo Aizpuru gisako lekuetatik aterea— aipatzen duten lehen agiriak. Agirion arabera, Mutiloako burdina hori izan zen, nagusiki, Urola eta Oria ibaien arroetako goiko partean kokatuta zeuden burdinolen etengabeko lana elikatu zuena.

MUTILOAKO BURDINA: MEATEGIAK ETA BURDINOLAK

Seguran 1335ean eman zen burdinolen foruak garbi dio jada ordurako Mutiloan burdina ateratzen zela. Horren lekuko dira Apaolaza edo Lekanburu inguruetan – mendiko burdinola edo haizeola deritzen lantegiekin lotuta – ikus daitezkeen aspaldiko meatzaritza lanen hondakinak eta zepadi ugariak. Mutiloako eta inguruetako jendea izan zen antzina-antzinatik han lanean jardun zuena, mendiko haizeolak hornitzeko aurrena, eta ur burdinolentzat geroago. Meategiak ustiatzea, baina ez haien jabetza, libre zen gipuzkoar guztientzat. Inguruko burdinolak ustiatzeko mea atera nahi zuenak ez zuen inolako zergarik ordaindu beharrik, ezta inongo baimenik eskatu beharrik ere.

Mutiloako bi meatzarik Martin Agirre Legazpiko olagizonari hitzeman zioten, 1622an, Lekanburuko Maasalden zen aljuba edo galeriatik 112 gurdikada mea eramango zizkiotela. Meatzariek meari buztina kendu eta garbitu egin behar izaten zuten garai haietan, zenbait mende geroago egiten zen bezalaxe. Horretarako, presak eta putzuak eraikitzen zituzten mendien goiko partean, eta irekitzen zirenean urak aldapan behera zekarren indarrak mea garbitu egiten zuen, lurra eta lohia kenduz. Erabilitako ura kutsatuta gelditzen zen eta ibaietara iristen zen, buztinarekin batera. Mutiloako alkateak hainbat meatzari mutiloar eta gabiriar atxilotu zituen 1653an, meategietako presak ireki ondoren Lekanburuko bidean eragin zituzten kalteengatik. XIX. mendean ere, oraindik, istiluak izan ziren Oria ibaiko urak kutsatu zirelako. Irtenbide zaileko arazoa zen, dudarik gabe, Gipuzkoako ekonomiak, oro har, behar-beharrekoa baitzuen burdinolak lanean jardutea eta, beraz, ezinbestekoa zuen mea ateratzen jarraitzea.

1838an, Mutiloako mea burdinola hauetara iristen zen: Alegiakora, Legorretakora, Beasaingo Igartzara, Olaberriko Ihurrera, Zegamako Olaberrira eta Legazpiko Olaberria, Bengolea eta Goenolea burdinoletara.

XIX. mendearen hasieran, meatzaritza arloko lege liberalek hala behartuta, Mutiloako nahiz inguruetako jendeak kobre, berun edo burdin meategiak mugatu egin behar izan zituen, lur azpiko baliabide aberatsak pribatizatuz. Ondoren enpresa indartsuak iritsi ziren, adibidez Real Compañía Asturiana de Minas S.A., kalamina Asturiasko Arnaora eta beruna Pasaiako badiara bidaltzen zuena.

Inguruak industrializatu zirenean handitu egin zen burdinaren eskaria, galdategietako labe garaiak hornitu behar baitziren, hala nola Fábrica de Hierros San Martín enpresako -Beasaingo CAF ezagunaren zuzeneko aurrekaria- eta Arabako Araian zen galdategiko labe garaiak.

1849an, Araiako fabrika historikoan lehenengo labe garaia martxan jarri zenean, Mutiloako 1.700 tona burdin mearekin hornitu zuten. XIX. mendeko gatazketan, meatze esparruko berunak armada karlistaren arreta ere erakarri zuen, eta munizioa egiteko erabili zuten.

MEATZE KONPAINIAK

XIX. mendearen amaieran hasi ziren meategiak modu antolatu eta sistematikoan ustiatzen. Kapital ingelesa zuten konpainiak, esaterako Orconera Iron Ore Company Ltd, inguru honekin interesatu ziren. Hala ere, Compañía Minera de Mutiloa S.A. izan zen, 1894 eta 1897 bitartean, ordura arte partikularren eskuetan egonak ziren meatze kontzesioak eskuratu zituena. Hona hemen meategi haietako zenbaiten izenak: Nuestra Señora de los Dolores, San Andrés, San Francisco, San Martín, Ollargain, San José, San Francisco de Paula, Rosario, Primavera eta Rechipin.

Konpainia horrek produkzio sistema berriaren premiak asetzeko beharrezko ziren azpiegiturak altxarazi zituen; horrela eraiki ziren plano inklinatuak, mea ikuztegiak eta dekantazio baltsak… eta horiekin batera eskola, kantinak eta bulegoa. Egitura horiekin guztiekin Ergoena auzoa dagoen mendi magala bete eta inguru hori asko eraldatu zen. Konpainia hori bera izan zen, halaber, Mutiloa-Ormaiztegi meatze trenbidea eraiki eta, horrela, Mutiloako mearen -eta Zeraingo Aizpeako meatze esparruko mearen- garraioari behin betiko irtenbidea aurkitu ziona. Garai hartan, Mutiloako meak Ingalaterra eta Frantziako galdategi handiak hornitzen zituen, adibidez Baionako Bokaleko Les Forges de l’Adour galdategia.

Konpainiak 1927an bidali zuen azken mea karga. 30eko hamarkadan, Compañía Minera Aralar S.A. kapital alemaniarreko enpresak interesa agertu zuen, une batez, Goierriko meatze gune honekiko. Geroago, 50eko hamarkadan, Legazpiko ikur den Patricio Echeverria S.A. enpresak ekin zion mea ateratzeari eta eraiki berriak zituen belaki burdin labeak hornitzeko lain burdin mea eskuratu zuen.

AZKENEKO GARAIAK

XX. mendeko 70eko hamarkadan, Exminesa enpresa kanadarrak Mutiloako meatze ustiaketari ekin zion berriro, eta Troya meategitik beruna ateratzen hasi zen. Meategiaren sarrera nagusia Orue baserriaren inguruan zegoen, eta oraindik ere han ikusten dira egun itxita dagoen meatzearen sarrerako egiturak, eta baita, ondoan, bulegoen eraikina ere. Egungo etxegintza teknikak erabiliz altxatu zituzten, aurrefabrikaturiko materialekin, eta agerikoa da inguruko eraikuntza tradizionalekiko aldea. Atentzioa ematen dute baita ere flotazio ikuztegiaren egiturak eta Gabiria aldera dagoen hondakinentzako dekantazio baltsa handiak.

Meatze konpainiak garaiko teknologiarik berrienak erabili zituen eta, hori dela eta, askoz handiagoa izan zen lurraldeak eta paisaiak jasan zuten eragina. Horren lekuko dira, adibidez, akuiferoen ibilbidea aldatu izana eta Ormaiztegin Estanda ibaia kutsatu izana.

Lurraren ezegonkortasunaren ondorioz 1993an meategi barruan izan zen lur jausiak eraginda, meategi hori itxi egin behar izan zen behin betiko. Oraindik gaur egun ere ezagutzeko moduan daude azken garaiotan eraiki ziren egitura ikusgarrietako batzuk, naturak inguratu eta denak bere baitan hartzen dituela.