GEOLOGIA
15568
page-template-default,page,page-id-15568,bridge-core-3.2.0,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-30.6.1,qode-theme-bridge,qode_header_in_grid,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-7.7.2,vc_responsive

GEOLOGIA

MEATZE ESPARRUAREN GEOLOGIA

Milioika urtetan barrena meatze esparru honetako geologia itxura hartzen joan zen. Goiko partean Behe Kretazeoko Aptiar estaiari dagozkion kareharriak ditugu. Hortxe dago kokatuta meatoki polimetalikoa, Aizkorri eta Aralar mendilerroen artean eta, nagusiki, ipar-mendebalde eta hego-mendebaldeko lerrokaduran. Inguru honetan hainbat pultsu tektoniko egon ziren eta ipar-hego norabideko zenbait failak domoaren ekialdea hautsi eta hondoratu egin zuten, estaltzen zuen karbonatozko plataforma desagerraraziz. Une jakin batean, domoa erditik pitzatu zelarik, mineralak faila horietatik gorantz egiten hasi ziren eta nabarmentzekoak dira, besteak beste, siderita azaleratze ugariak.

Ekialde-mendebalde norabidean diren bi mea zain izan ziren, batik bat, Mutiloan ustiatu zirenak: Barrenola eta Troi. Lehenengoak 150 m-ko luzera zuen, 20 m-ko batez besteko zabalera eta 40-50 m bitarteko altuera. Gainera, aipagarriak ziren txirtera deritzen burdin metaketak ere, hau da, burdin mea alez beteriko buztin lur sail handiak, kareharri arteko barrunbe irregularrak betetzen zituztenak.

Troya deritzon zink eta berun meategia nazioarteko garrantzia duen gune geologiko (GEOSITE) izendatuta dago 2011. urteaz geroztik, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren arabera, Ortuellako Gallartan diren burdin mineralizazioak eta Turtziozko Siete Puertas meategia bezalaxe, biak ere Bizkaian. Zerrenda horretan dago, halaber, Zumaiako Kretazeo-Tertziario arteko muga (flysch-a).