MEATZE TRENBIDEA
Trenbide estuko burdinbide honi esker Mutiloa eta Zeraingo mea bertako eta Europako siderurgia enpresetara iristen zen, Ormaiztegitik pasatuz. Trenbidea amaitzen den lekuan, Ormaiztegiko Danborren eta Lointzin, bi meatze esparruek bakoitzak bere biltegiak eta Norteko trenbidearekin bat egiteko bere sistema propioak zituzten, Ormaiztegin Norteko trenbidearen geltokia dagoen lekutik gertu.
Ingeniaritza lan hori burutzeko, 4,5 km-ko bidean lurrak berdindu eta, gainera, hainbat obra handi egin behar izan ziren, adibidez lurrari eusteko hormak, lubakiak, drainatze lanak, zubia, bidezubia eta makinen etxea. Oraindik gaur egun ere osagai horietako batzuk ezagutzeko moduan daude, eta horietako asko 2007an zabaldu zen bide berde berriaren parte dira.