Meatze esparrura autoz ere etor daiteke: Ormaiztegitik, Lierni auzoa zeharkatzen duen errepideari jarraituz, edo bestela, Exminesa meatze konpainiak eraiki zuen errepidetik.
Beste aukera bat da Seguratik GI-3571 hartu, Mutiloako herrigunera iritsi eta, horrela, Troi bideari ekitea. Legazpi eta Segura batzen dituen GI-3520 errepideak meatze esparruko erauzte gunea zeharkatzen du eta meatze esparru horren nahiz inguru guztiaren ikuspegi ezin hobea eskaintzen du.
Meaz kargaturiko bagonetek zubi bakar hau igaro behar zuten Ormaiztegira bidean. Hainbeste erabiltzearen ondorioz, mantentze lanak etengabeak ziren. Azken garaian bertan behera utzi eta gero, antzinako trenbidea bide berde bilakatu izanak XX. mende hasierako ingeniaritzako azpiegitura hau berreskuratzeko aukera ekarri du.
Mutiloako herrigunea da udalerriko populazio gune nagusia. Aipagarria da San Migel parroki eliza handia eta zaintzaileari eskainitako portada interesgarria. Barruan nabarmendu beharrekoa da erretaula nagusia. Udaletxea ere aipatu beharra dago, eta baita herriko plaza ere, arkitektura tradizionaleko etxez inguratua.
Troi erreka Troi meategiaren muinean sortzen da, 500 m-ko garaieran. Oria ibaiaren arroko buruan, ongi kontserbatutako erribera landarez jantzitako haran itxi bat sortzen du, eta bertan aurki daitezke haltzak, hurritzak eta lizarrak, baita horiei elkartutako fauna interesgarria ere. Mutiloako herrigunean Zerain erreka batzen zaio Mutiloa Erreka bihurtzeko eta Segurara iristen denean Oria ibaian isurtzen ditu bere urak.Historikoki, bere emaria eta indarra giza jardueretarako erabili dira, hainbat etapatan. Bost errota, hiru Troin eta bana Orun eta Lenkaranen, mea garbitzeko hiru gune, Manastegizahar, Troi eta Barnaola; eta Lenkarango zentralean eta Barnaola ondoko dikean instalatutako turbinak, horren adibide dira.
3- BARNAOLA: DIKEAK ETA DEKANTAZIO BALTSAK
Mañastegizaharretik Barnaolara bitarteko mendi magala oso eraldatuta dago. Mea garbitu eta gero geratzen ziren urak Troi errekara irits ez zitezen, XX. mendearen hasieran paisaiaren topografía eta profil originala itxuraldatu zituen dekantazio baltsen sistema konplexua eraiki behar izan zuten.
Troi errekaren ibarreko magaletan ibar hori ixten zuten hamahiru baltsa egiteko proiektua ere egon zen. Instalazio horiek ibai arroko biztanleen etengabeko kexen ondorioz eraiki zituzten, mea garbitzeak sorturiko kutsadura aurrena Troi errekara eta geroago Oria ibaiko uretara iristen baitzen.
Paraje hauetan baltsa horietako bost aurkitu dira, kontserbazio egoera desberdinean. Ibarrean behera joanda dauden azken biak sendotu egin dira, eta XIX. mende amaierako ingeniaritzaren adibide ditugu. Azkeneko dikea, 9 m-ko altuera duena, Troi errekaren ibarreko punturik baxuenean altxatu zuten, baina ez zen betetzera iritsi. Dike horren erdian, lohiak dekantatu ondoren urari ateratzen uzteko balio zuen hustubidea ikus daiteke, uraren ibilia erregulatzen zuen burdina eta zurezko egitura batez itxita. Horrela, bada, terraza erako gainazal bat sortuko zen, denborarekin belardi bihurtzen joango zena.
Ergoeneko paisaian ikurra da Barnaola baserria, XVI. mendean eraikia eta beharbada burdinola izandakoa. Inguruko meatze jardueraren gune nagusi bihurtu zen, bertara biltzen baitzen Zeraingo Aizpeako eta Mutiloako meatze esparruetako mea. Horregatik altxatu ziren leku honetan gaur egun landaredi oparoak erdi ezkutatuta dituen biltegiak.
Gaur egun atsegina eta lasaia den leku hau guztiz bestelakoa zen garai batean. Etenik gabeko lanak erabat eraldatu zuen, hainbeste non meatze konpainiak Barnaola baserria bulego eta ostatu bihurtu baitzuen, eta baita mea ikuztegi ere. Inguruetan kantina eta eskola ere eraiki ziren, eta horrek hemen zer nolako jende pila bildu zen erakusten digu.
Compañía Minera de Mutiloa S.A. etxeak hiru lurrun makina izan zituen, 45, 35 eta 25 CV-koak. Horietako bi Mutiloa eta Pepita deitzen ziren. Mutiloa izenekoa 1900ekoa zen, Kerr Suart konpainia britainiarrak egin zuen eta Pasaiako portutik ekarri zuten Mutiloako meategietaraino. Asturiasko Mieresen eman zituen azken egunak, eta 1965ean txikitu zuten bertan. Pepita, berriz, Hannoverren egin zen, Alemanian, Maschinen Ban Actien Geselchaff fabrikan. Biak ala biak Makinetxe esaten zaion eraikin honetan gorde eta konpontzen ziren.
7- MAÑASTEGIZAHAR: BASERRIA ETA MEA IKUZTEKO LANTEGIA
Mañastegizahar baserriaren ondoan mea prestatu eta garbitzeko lantegi bat eraiki zen, eta horrek mendearen lehen herenean han burutu ziren meatze lanen ideia bat egiten laguntzen du. Batetik mearen isurbide erraldoia eta bere biltegia zeuden, eta honaino iristen zen txirtera eta galerietako mea.
Ondoan mea garbitzeko instalazioa zegoen, eta oraindik ere han dago depositutik zetorren ura biltzeko eta mearekin nahasteko erabiltzen zen mearen azpil edo depositua. Nahasketa hori, hurrena, lurra kentzeko tromeletara pasatzen zen, mea garbitzeko. Azpilaren eta garbiketa gunearen arteko hormak ere han daude gaur egun oraindik, eta, horma horietan, mea garbitzeko makinak kokatuta zeuden finkaleku eta hutsuneak.
Egitura horien ondoan forja dago, eta etxola osagarri baten zimenduak. Inguruetan, Mañastegizahar baserri historikoaren aldamenean, han ikusten diren hondakindegi handiek, egun landarediak hartuta egon arren, ederki adierazten dute zenbaterainokoak izan ziren han burutu ziren lanak. Mañastegizahar baserriak berak ere burdin mea zatiak ditu bere paretetan, XVI. mendean eraiki zenean haren horma sendoak altxatzeko material gisa erabili zirenak.
Txirtera eta harrobietatik ateratzen zen meaz gainera, galerien zulaketa bidezko meatze ustiaketa ere bazegoen. Troin, adibidez, ganbera eta zutabeen sistema erabiltzen zen eta gaur egun ere, oraindik, ikusten dira leherketek utzitako arrastoak. Leku hauetatik ateratako mea arrasta bideak erabiliz eramaten zen mea ikuztegietara.
40.000 m2-ko Gezurmuño meategiak Virgen de los Dolores, Ollargain meategiekineta Gezurmuño Demasiarekin egiten zuen muga. Orain gauden meategi honetan, ustiapen intentsiboa egon zen XIX. mendeko azken herenean eta 1.923. urtera arte lanean egon zen. Burdin mineral ohikoena lokatzarekin nahastutako txirta zen. Txirta hau, hegalean behera, Mañastegizahar baserriaren parean eraiki zen tailerrean garbitzen zen.
Ergoeneko magaletan diren errota hauek interes handiko instalazio hidraulikoa dira. Troiko errota, bi harrikoa, inguruetako zerealak ehotzeko erabiltzen zen eta XX. mendearen hasieran handitu zuten. Errotaren azpiko aldean beste bi egitura ikus daitezke, lehengo errotako uren irteerarekin lotuta daudenak. Badirudi instalazio hauek mea garbitzeko erabili zirela.