MEATZE ESPARRUAREN ANTOLAKETA
XIX. mendearen bukaeran, Europako zenbait konpainia -hala nola, Real Compañía Asturiana de Minas S.A. belgikarra eta Orconera Iron Ore Company Limited ingelesa- edota hemengo beste batzuk, Mutiloara iritsi eta inguruko mea zain garrantzitsuenen jabe egin zirelarik, ekoizpen prozesua antolatu zuten. Compañía Minera de Mutiloa S.A. konpainia bizkaitarra izan zen Goierrin denbora gehien gelditu zena eta azpiegitura nagusiak eraiki zituena.
ERAUZKETA
Peatza, Gezurmuño eta Erlategiko lursailak Goi Kretazeoko tuparri arbelez eta hareharriz osatuta daude, han-hemenka kareharri trinkoak ere ageri direla. Burdin karbonatoa zen gehien ustiatzen zen minerala, Barrenola, Troi eta Nuestra Señora de Los Dolores-eko mea zainetatik. Galerietan lan egiten zen, ganbera eta zutabeen sistema erabiliz. Oraindik ere ikusten dira leherketek utzitako arrastoak. Zain horietaz gain, txirterak ere baziren, hau da, burdin mea alez beteriko buztin lur sail handiak, kareharri arteko barrunbe irregularrak betetzen zituztenak. Peatzan, Gezurmuñon, Erlategin, Troin… ikusten diren meazulo handiak -Troikoa, adibidez- eta hondakindegi, lur erauzketa eta moldaketa artifizial handiak iraganean han burutu ziren meatze lanen lekuko dira. Gezurmuñoko txirtera handia ere, Legazpira doan egungo errepidearen ondoan, erraz ezagutzeko modukoa da.