3- BARNAOLA: DIKEAK ETA DEKANTAZIO BALTSAK
Mañastegizaharretik Barnaolara bitarteko mendi magala oso eraldatuta dago. Mea garbitu eta gero geratzen ziren urak Troi errekara irits ez zitezen, XX. mendearen hasieran paisaiaren topografía eta profil originala itxuraldatu zituen dekantazio baltsen sistema konplexua eraiki behar izan zuten. Troi errekaren ibarreko magaletan ibar hori ixten zuten hamahiru baltsa egiteko proiektua ere egon zen. Instalazio horiek ibai arroko biztanleen etengabeko kexen ondorioz eraiki zituzten, mea garbitzeak sorturiko kutsadura aurrena Troi errekara eta geroago Oria ibaiko uretara iristen baitzen. Paraje hauetan baltsa horietako bost aurkitu dira, kontserbazio egoera desberdinean. Ibarrean behera joanda dauden azken biak sendotu egin dira, eta XIX. mende amaierako ingeniaritzaren adibide ditugu. Azkeneko dikea, 9 m-ko altuera duena, Troi errekaren ibarreko punturik baxuenean altxatu zuten, baina ez zen betetzera iritsi. Dike horren erdian, lohiak dekantatu ondoren urari ateratzen uzteko balio zuen hustubidea ikus daiteke, uraren ibilia erregulatzen zuen burdina eta zurezko egitura batez itxita. Horrela, bada, terraza erako gainazal bat sortuko zen, denborarekin belardi bihurtzen joango zena. *Barnaolako dikeetako batean, haren 7 m-ko altuera baliatuz, turbina bat ipini zen horrekin Ergoena auzoan erabiltzen zen argindarra sortzeko. Troi errekaren indarrak, 1988an, Barnaolan altxatu ziren dikeetako baten eskuineko aldea eraman zuen.